XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alkool-gaitzdunak eta drogatuak

Ziur esan genezake, alkoola edatera, eta geiegi edatera eramaten duan gaurko bultzagarririk aundiena bakartasuna dala.

Gaztea, bere lagunetatik baztertua ez arkitzearren, errebelarra txastatzera, juan oi dan bezela, adiñeko pertsonak ere, artzen dituzte zenbait oitura, euren buruak gizaartetik bereiztuak ez ikustearren.

Izan ere, gizartearen ukatze edo ezetzpena somatzea naikoa du gizonak, bakartasunaren garratza txastatzen asteko.

Gizakiaren inguruko giroak ba-du sarri zer-ikusirik edan-gogoa sortzearekin.

Norbere burua lagun gabe somatzen duten askok uste izan oi dute, edariak askatasuna emango diela, eta bai lagundu ere, bestela egitera ausartuko ez liraken zenbait gauza burutzen.

Uste orrekin, tarteka ba`da ere, bakartasunaren menderatzea errezago gertatzen zaie.

Bañan gerora, mailla ontaraño iritxi ezkero, edariak eman izan dion sasoiaz gogoratzean, zurrut bearraren irrika aundiago somatzen du edaleak, eta orrek eramaten du azkenean, utzi eziñeko mozkorkerira.

Bakartiak, sarri, euren borondatearen ondamenera eramaten dituan beste sorkaria droga degu.

Sendagallu aizun onen artu bearra, alegia.

Sorki onen eskuratzeak ere ba-ditu bere lanak.

Asierakoan aixa eskuratzen dizkitzute biotz-oneko emailleak, bañan gerora, utzi-eziñeko artu-bear garesti biurtzen da.

Orduan asten da izugarria.

Barru aberats baten jabe ez dan pertsona bakartia, bereala gizartetik baztertua arkitzen da.

Une ontatik aurrera, amilka erortzen da be-beeko maillaraño, eta bere sendakuntza eta gizaberritzea erabat zail biurtzen.

Ala ere, gizaki au oartuko ba`litz, bere zorigaitzaren iturburua, bere bakartasunean datzala batikbat, oraindik sendakuntzaren zerbait itxaropen eduki liteke, bañan ondamenak bazterra jo baldin ba`du, alperreko lana....